Euskadi Agenda 2030 Sarien bigarren edizioaren banaketa gaur, apirilak 29, ospatuko da Bilbon, Lehendakaritzako Gizarte Berrikuntzako eta Agenda 2030eko zuzendari den Asier Aranbarrik zuzendutako ekitaldian.
Guztira 7 erakundek jaso dute Aurreratua maila gorena, 16k Bidean aintzatespena eta 64 erakundek Konpromisoa maila; hitzordu berean Eraldatu ekimenak bultzatutako 7 Eragin sari banatuko dira, eta lehen edizioan Aurreratua bereizgarria duten erakundeen 8 jardunbide egoki ere sarituko dira.
Argia Fundazioak Euskadi Agenda 2030 Sariko Bidean aipamena lortu du.
Sari hau Lehendakaritzako Komunikazio eta Gizarte Berrikuntzako Idazkaritza Nagusiko Gizarte Berrikuntzako eta Agenda 2030eko Zuzendaritzak bultzatu du, kudeaketan GJHak lehiakortasun jasangarriaren elementu gisa txertatzearen garrantzia sustatu eta zabaltzeko, eta erakundeen benetako konpromisoa lortzeko.
Argia Fundazioak 1990etik buruko gaixotasun larria duten pertsonei eta haien ingurune afektiboari laguntzen die bizi-kalitatea eta gizarte-irudia hobetzen, Bizkaiko 8 udalerritan eskaintzen dituen zerbitzuen bidez, baita gizarte-kohesioaren eta ingurumen-jasangarritasunaren aldeko jarduera zabalaren bitartez ere.
102 erakundek, tamaina eta jarduera-sektore guztietakoek, Euskadi Agenda 2030 Sariaren aintzatespenak jasoko dituzte.
Aintzatespen horien helburua bikoitza da:
- Aurreratuen dauden erakundeak identifikatzea, GJHekin lotutako kudeaketa-jardunbide egokiek besteentzat pizgarri eta erreferentzia izan daitezen.
- Erakunde horiek egindako ahalegina eta lortu duten aurrerapen-maila eta GJHei egindako ekarpena jendaurrean aitortzea.
Aintzatespen horiek lortzeak aurretiazko egiaztapena dakar erakunde batek aurrerapen-maila eta emaitza jakin batzuk lortu dituela frogatzea. Horretarako, EUSKALITek lineako ebaluazio-plataforma bat garatu du eta erakundeei eta enpresei kanpoko kontraste zerbitzua eskaintzen die, erreferentzia gisa hartuta GJHak kudeaketan txertatzeko Esparrua.
Kanpoko kontrastea erakundeko zuzendaritza-taldearen eta EUSKALITeko GJH Ebaluazio Klubeko kideen arteko bilera da; kudeaketa aurreratuan eta jasangarritasunean adituak diren pertsonak dira, eta erakundeari bere egoera ezagutzen eta arlo horretako erronka nagusiak identifikatzen laguntzeko kanpo-ikuspegia eskaintzen dute.
Argia Fundazioaren kasuan, kanpoko kontrastea jaso dugu eta Bidean maila ertaineko aintzatespenera sartzeko baldintzak betetzen ditug.

